Araziko lantaldeak Usurbilgo ondare artistikoa ikasleei gerturatzeko eskaintza didaktikoa diseinatu du, arte garaikidea, herriaren memoria eta sorkuntza-prozesuak uztartuz.
Usurbilgo kaleek herriaren memoria, euskal arte garaikidearen indarra eta sormen kolektiboaren aztarna gordetzen dituzte. Espazio publikoan kokatutako eskulturek, muralek eta bestelako artelanek udalerria museo ireki bihurtzen dute, eta ondare hori ikasleekin modu aktibo, parte-hartzaile eta esanguratsuan lantzeko sortu da Hi bai artista! egitasmoa.
Araziko lantaldeak Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako proposamen didaktikoa garatu du, heziketa-ziklo bakoitzaren ezaugarrietara egokituta. Programak ibilbide gidatua eta sorkuntza-tailerra uztartzen ditu, ikasleek artelanak behatu, deskribatu, interpretatu eta beren begiradatik berriz sortzeko aukera izan dezaten.
Egitasmoaren helburua ez da soilik Usurbilgo artelanak ezagutzea; ikasleek artearen bidez herriaren historia, identitatea, espazio publikoaren balioa eta sormenaren garrantzia ulertzea baizik. Horretarako, galdera gidatuak, behaketa dinamikoak, ahozko adierazpena, talde-lana eta praktika artistikoa uztartzen dira.
Bezeroa:
- Usurbilgo Udala
Buruturiko lanak:
- Lehen Hezkuntza eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara egokitutako proposamen didaktikoa.
- Usurbilgo Museo Irekian oinarritutako ibilbide gidatuen diseinua.
- Heziketa-ziklo bakoitzerako aurretiazko eta ondorengo lanketak.
- Ikasleentzako baliabide didaktikoak eta jarduera-proposamenak.
- Irakasle eta hezitzaileentzako gida didaktikoak.
- Sorkuntza-tailerren diseinua, arte garaikidea, forma, kolorea, sinboloak eta adierazpen plastikoa lantzeko.
- Pilotajea, ebaluazioa eta azken egokitzapenak.