Oñatiko ikasleek herria hobetzeko proposamenak aurkeztu dizkiete udal agintariei

Maiatzaren 8an Oñatiko Eskolako Agenda 21ean parte hartzen duten lau ikastetxeen ikasle ordezkariak alkatearekin eta teknikariekin elkartu dira udalbatzarra ospatzeko. 2018-2019 ikasturtean “Energia eta klima aldaketa” gaiaren diagnostikoa egin dute herriko ikasle guztiek, adinaren arabera egokitutako jarduerak burutuz. Oñatiko udalerria energiaren sorreran eta honen kudeaketaren burujabetzan aitzindari izanik, honi jarraika lanketa egin da udalerriko egoera hobetu eta biztanleon ohitura egokiak sustatu asmoz. Jarraian, ikasturtean zehar ikasleek buruturiko azterketen emaitzaren berri izan dute udal ordezkariek.

Herriaren egoera hobetzeko hainbat proposamen sortu dituzte herriko ikasleek: zuhaitz gutxiago moztu eta gehiago landatzea, bizikletentzako aparkaleku gehiago udalerriko hainbat gunetan, LED argien erabilera sustatzea, eraikin publikoetan energia berriztagarriak lehenestea eta dendetan plastikozko poltsak debekatzea, adibidez. Oñatiko ikasleek badakite norberaren erantzukizuna oso garrantzitsua dela eta, horregatik, proposaturiko eskaera bakoitzarekin batera konpromiso bat hartu eta horren berri ere eman dute. Finean, hobetzeko eta aurrera egiteko bidea guztion eskuetan baitago. Ikasleek eginiko proposamen bakoitzari, alkateak eta bertaratutako udal teknikariek erantzun bat eman die, argudiatuz eskaeraren bideragarritasuna eta garrantzia zein den, eta udal taldearen asmoa zein den proposamen horrekiko. 

Azkenik, eguneroko bizitzan martxan jarri daitezkeen ohitura onak jasotzen dituen dekalogoa banatu zaie bertaratutakoei, aurkeztutako proposamenak jasotzen dituen kartelarekin batera. Elkar Hezi, Errekalde, Txantxiku eta Zuazola-Larrañako ordezkariekin eta udal taldeko ordezkariekin  talde argazki ateraz amaiera eman zaio Eskolako Agenda 21eko udalbatzarrari.

Comments are closed.

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!