Bergarako ikasleek herria hobetzeko proposamenak aurkeztu dizkiete udal agintariei 

Maiatzaren 15ean Bergarako Eskolako Agenda 21ean parte hartzen duten bost ikastetxeen ikasle ordezkariak alkatearekin eta teknikariekin elkartu dira udalbatzarra ospatzeko. 2018-2019 ikasturtean “Energia eta klima aldaketa” gaiaren diagnostikoa egin dute herriko ikasle guztiek, adinaren arabera egokitutako jarduerak burutuz. Bergarako udalerrian “Energia eta klima aldaketa” hizpide hartuta, udalerriko egoera hobetu asmoz eta hausnarketa bultzatu asmoz, ekimen eta egitasmo ezberdinak garatu dira eskola ezberdinetako ordezkari eta koordinatzaileen lanari esker. Jarraian, ikasturtean zehar ikasleek buruturiko azterketen emaitzaren berri izan dute udal ordezkariek. 

Herriaren egoera hobetzeko hainbat proposamen sortu dituzte herriko ikasleek: bidegorri sarea zabaltzea, zaborra gutxitu eta berrerabiltzeko tailerrak antolatzea, energia eta ur gutxiago kontsumitzeko egitasmo ezberdinak martxan jartzea, beste batzuen artean. Bergarako ikasleek badakite norberaren erantzukizuna oso garrantzitsua dela eta, horregatik, proposaturiko eskaera bakoitzarekin batera konpromiso bat edo hainbat hartu dituzte ikasleek eta horren berri ere eman dute. Finean, hobetzeko eta aurrera egiteko bidea guztion eskuetan baitago. Ikasleek eginiko proposamen bakoitzari, alkateak eta bertaratutako udal zinegotzi eta teknikariek erantzun bat eman diete, argudiatuz eskaeraren bideragarritasuna eta garrantzia zein den, eta udal taldearen asmoa zein den proposamen horrekiko. 

Azkenik, eguneroko bizitzan martxan jarri daitezkeen ohitura onak jasotzen dituen dekalogoa banatu zaie bertaratutakoei, aurkeztutako proposamenak jasotzen dituen kartelarekin batera. Aranzadi, Ipintza, Mariaren Lagundia, Miguel Altuna eta San Martin Agirreko ordezkariekin eta udal taldeko ordezkariekin talde argazki ateraz amaiera eman zaio Eskolako Agenda 21eko udalbatzarrari. 

Comments are closed.

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!