Aretxabaletako ikasleek herria hobetzeko proposamenak aurkeztu dizkiete udal agintariei

Apirilaren 30ean  Aretxabaletako Eskolako Agenda 21ean parte hartzen duten hiru ikastetxeen ikasle ordezkariak alkatearekin elkartu dira udalbatzarra ospatzeko. 2018-2019 ikasturtean “Baserri Kultura” gaiaren diagnostikoa egin dute herriko ikasle guztiek, adinaren arabera egokitutako jarduerak burutuz. Marc Badal adituaren partaidetza izan da udalbatzarrean, baserri kulturaren inguruko hausnarketa egin eta azken urteetako bilakaera ikasleekin konpartituz. Jarraian, ikasturtean zehar ikasleek buruturiko azterketen emaitzaren berri izan dute udal ordezkariek.

Herriaren egoera hobetzeko hainbat proposamen sortu dituzte herriko ikasleek: bertako eta garaiko produktuen salmenta indartzeko neurriak, pinuaren monolaborantzaren aurrean bertako zuhaitzen landaketa lehenetsi edo baserrietara iristeko bideak egokitu, besteak beste. Aretxabaletako ikasleek badakite norberaren erantzukizuna oso garrantzitsua dela eta, horregatik, proposaturiko eskaera bakoitzarekin batera konpromezu bat hartu eta horren berri ere eman dute. Finean, hobetzeko eta aurrera egiteko bidea guztion eskuetan baitago.

Egindako lana eskertu ondoren, proposamenak aztertu eta 2019-2020 ikasturtearen hasieran erantzuna emateko konpromezua hartu dute udal agintariek, horretarako beste bilera bat ospatuko delarik. Azkenik, eguneroko bizitzan martxan jarri daitezkeen ohitura onak jasotzen dituen dekalogoa banatu zaie bertaratutakoei, aurkeztutako proposamenak jasotzen dituen kartelarekin batera. Kurtzebarri LHI, Kurtzebarri BHI eta Aretxabaletako Lanbide Eskolako ordezkariekin talde argazki ateraz amaiera eman zaio Eskolako Agenda 21eko udalbatzarrari.

aretxabaleta-albistea-2

Comments are closed.

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!