Zorionak eta urte berri on: 20 urte joan dira baina onena iristear dago! 

Zuhaitzetik eroritako hazi soila bezala ekin genion duela 20 urte…

Lurzoru biluzian ernetzen saiatu ginen eta, lana beltz egin ondoren, sustraiak garatzeko gaitasuna izan genuen. Haien bitartez, poliki-poliki ikasten eta gorpuzten joan ginen, hainbat hostoz osaturiko landaretxoa bilakaturik jada. Konturatzerako 10 urte!

acebo-navidad

Beste 10 urte igaro ondoren, dagoeneko 20 urteko zuhaixka koxkorra gara. Gure hosto anitzei esker, egoera eta haize mota ezberdinei erantzuteko gaitasuna bereganatzen joan gara, dagokion eskari eta baldintzei egokituz. Izan ere, Araziko lantaldea diziplina askotariko profesionalez osatuta dago, eta haiek gabe ibilbide hori guztia ezinezkoa izango litzateke. Horrenbestez, jatorrizko sustraiek tinko mantentzen gaituzte, lurzorura atxikirik baina, aldi berean, urratsez urrats gure itzalaren zabaltzea baimenduz. Fruiturik gozoenak, ordea, eskaintzeke ditugula ziur gaude, eta hura izango da aurrerantzean izango dugun erronka nagusia.

gorostia arazi 20 urte

Ezin ditugu ahaztu 20 urteotan bidaide izandako bezero eta laguntzaileak. Guganako konfiantza erakustearekin batera, elkarrekin ibilbide oparoa egiteko aukera eskaini digute. Hala, aipaturiko guztia biltzen duen keinu txiki eta adierazgarriarekin borobildu nahi izan dugu 20. urteurrena: gure bezeroek ekoizturiko produktu eta kutixiak banatuz eskertu dugu Arazitarren jarduna. Horrenbestez, hogei mila esker Arazi egunero ureztatzeagatik!

bodegoia saskia 2018

Amaitzeko, urte amaiera bikaina eta 2019 zoragarria opa dizuegu. 

20 urte joan dira baina onena iristear dago! 

Comments are closed.

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!