Eskolako Agenda 21, Zestoako Udal Batzarra

Maiatzaren 9an, Zestoako Eskolako Agenda 21ean parte hartzen duten 2 ikastetxeen ikasle ordezkariak udaletxean udal ordezkariekin elkartu ziren udalbatzarra ospatzeko. Hala, Josetxo Mendizabal alkateak, bertaraturiko ikasleei ongietorria eman ondoren, ikasturtean zehar ikasleek buruturiko azterketen emaitzaren berri izan zuten udal ordezkariek.

Izan ere, hondakinen inguruan antzemandako egoera ezberdinak hobetzeko proposamenak luzatu zizkieten ikasle ordezkariek, udal agintarien erantzunak jarraian jaso zituztelarik. Zestoako ikasleek badakite norberaren erantzukizuna oso garrantzitsua dela eta, horregatik, proposaturiko eskaera bakoitzarekin batera konpromiso bat hartu eta horien berri ere eman zuten. Finean, hobetzeko eta aurrera egiteko bidea guztion eskuetan baitago.

Hala, besteak beste, zaborrontzi gehiagoren beharraz, Sansinenea poligonoaren egoeraz, konposta egiteko aukeraz, arropa zaharra biltzeko moduaz, plastikozko poltsen erabilera murrizteko ekimenaz edota birziklapenean hobetzen laguntzeko materialez mintzatu ziren udalbatzarrean bildutako ordezkariak.

Behin aurkezturiko proposamenen inguruko erantzunak eman ostean, ikasle, irakasle edota ikusle gisa udalbatzarrera bertaraturiko herritar guztiek, galderak luzatu eta ekarpenak egiteko aukera izan zuten, eta baita unea ondo aprobetxatu ere. Aipaturikoen artean, argiteriaren gorabeherak, baserribideen egoera, errekan dagoen zikinkeria edota txakur-kakekin dagoen arazoa  nabarmendu zuten. 

Azkenik, hamaiketako osasungarri batek eman zion amaiera udaletxean ospaturiko saio bereziari.

Ikusi Zestoako Udal Batzarraren inguruko albiste ezberdinak:

Urola Kostako Hitza: AIZARNAKO ETA ARROABEKO IKASTETXEETAKO HAURRAK UDAL ORDEZKARIEKIN IZAN ZIREN

Noticias de Gipuzkoa: Aizarna eta Arroabeko ikasleek proposamenak egin dizkio Zestoari

Diario Vasco:  Arroabe eta Aizarnako haurrak udal ordezkariekin bildu ziren

Comments are closed.

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!