15 urteko ibilbidea elkarlanean ospatu dugu. Urte berri on, eta on egin!

Aurten 15 urte bete ditugu Arazin, eta urteurrena modu berezian ospatu genuen joan zen astelehenean enpresako langileok. Zarauzko elkarte batean bildu, eta bazkaria guztion artean prestatu genuen. Bazkaria prestatzea baliatu genuen gure proiektuak egiteko erabiltzen dugun lan-prozedura langile guztiek batera aplikatzeko. Ariketa interesgarria izan zen, Arazik hainbat zentro kudeatzen dituenez, lantalde guztia apenas elkartzen delako. Bazkaria prestatzeaz gain, lehiaketa ere antolatu genuen, bizigarri moduan.

Arazi-enpresa-bileraGabonak ate joka ditugu, eta ohikoak dira data hauetan enpresa-bazkariak. Kasu askotan, San Tomas aurreko ostirala agendan apuntatu, eta parranda-giroan egiten dira otorduok. Arazin, ordea, hainbat lan-ildo jorratzen ditugunez, lantalde osoa elkartzeko egun egokiena astelehen eguerdia suertatu zen. Besteak beste, Ekainberri, Lili Jauregia eta Algorri kudeatzen ditugu, eta ordutegi zabal bat dugu betetzeko; ondorioz, ia uneoro ari da enpresako langileren bat lanean. Iritsi ere, mahaian eserita geundenean iritsi ziren batzuk, goizeko eginbeharrak beteta.

Zarauzko Gure Kabia elkartean genuen hitzordua astelehen goizeko 10:00etan. Zuzendarien ongietorriaren ondotik, Eneko Calvo Araziko proiektu-buruetako batek azaldu zizkigun egin beharreko lanak. Helburu nagusia zen langile guztiok Araziko ohiko lan-metodologia ikustea: aurrekontuak eta aurreikuspenak, lan eta ardura banaketa, denbora-neurketa, epeak betetzea, etab. Zozketa bidez, lau pertsonako taldeak osatu, eta bakoitzak bazkariko plateren bat prestatu genuen.

Arazi- Enpresa-bazkaria

Hainbat muga genituen: plater bakoitzak osagai bat ezinbestekoa zuen (erosita zeuden ordurako, perretxikoak, legatza, eta txokolatea, hurrenez hurren, plater bakoitzerako), gainerako osagaiak erosteko diru-kopuru zehatza genuen, eta prestatzen hasteko eta amaitzeko denbora-tarte zehatz bat. Talde bakoitzeko rolak eta ardurak ere zozketa bidez definitu genituen. Gisa horretan, gehienok ohiko egoera alde batera utzi, eta enpatia-ariketa bat egiteko aukera izan genuen.

Arazi-Enpresa-bilera

Behin erosketak eta plater-prestaketa amaituta, aurkezpenen garaia iritsi zen. Plater bakoitza prestatzeko emandako pausuak, eta egindako lanak azaldu genizkien gure lankideei. Puntuagarriak ziren haiek ere, eta gure enpresan sormen-lana ezinbestekoa denez, agerian geratu zen Araziko langileen etorria. Bezperako Bertso Txapelketa Nagusiko finalaren eraginez-edo, izan zen bertsorik ere.

Arazi-enpresa-bazkaria

Guztira sei talde aritu ginen lehian. Menuko hiru plateretako bakoitza bi taldek prestatu behar zuten. Hogeita hamar lankide bi mahai handitan banatuta, talde bakoitzak hamabost lagunentzako platera ondu eta zerbitzatu genien pareko mahaikoei. Puntuazioa bazkaltiar bakoitzak eman genuen, zenbait parametroren arabera.

Esan beharra dago, maila izugarria izan zela prestaketan, eta hauxe izan zen menu irabazlea: kinoa eta perretxiko entsalada exotikoa, legatza saltsa gorrian txirlekin (plater onenaren saria), eta fruta-broxeta txokolate beroarekin.

Arazi-Enpresa-bazkaria

Araziren hamabost urteko ibilbidearen isla zuzena eta balio nagusia da hogeita hamar pertsonako lantaldea. Horren metafora ezin hobea izan zen sukaldeko lana. Horretan baitihardugu Arazin: ideiak, edukiak, ondarea… ontzen eta prestatzen. Eta hala segitzeko asmoa dugu, beste hamabost urtez, bederen.

Imagen de previsualización de YouTube

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Deja un comentario