Urte berri, bulego berri

2013ko lehen astean itxita izan genuen bulegoa. Urte luzetako lanaren ondorioz, txukuntzea behar zuen Zarauzko bulego nagusiak, eta Gabonetako jai-egunekin kateatzen diren zubiak baliatu ditugu berritze-lanetarako. Lurra lixatuta, hormak margotuta, ustez beharrezkoa zen paper kilo pila botata, arnas berrituarekin sartu gara urte berrian.

Kolore zuria dute orain paretek, eta giro argitsua dago.  Etorkizuna ilun eta ezkor margotzen diguten garaiotan, baikortasunez ekin diogu urteari, aurrera egiteko bidean zailtasunak izango ditugula ondo dakigun arren.

Astebetean itxuraldatu dugu bulegoa, eta lan fina egin dute Irineok, Jose Pablok eta konpainiak. Gogor aritu dira gisa guztietako lanetan, pazientzia handiarekin, baina bistakoa da emaitza. Fina, dotorea eta ona. Bulegora sartzearekin batera nabaritu genuen.

 

Araziren logo berria eta leloa ere bistan dauzkagu orain: ideiak borobiltzen. Ideiak, berriak, asko eta onak ezinbestekoak dira proiektu interesgarriak egiteko. Baina ideiak haizeak daramatza ez badira proiektuetan zehazten eta finkatzen. Eta borobiltzen.

 

Bulegoa berrituta, eta gure betiko izpiritu ekintzailearekin, badonk 2013!

 

Araziko bulegoa berritze-lanen aurretik:

Araziko bulegoa berritze-lanen ondoren:

(*Argazki hauek egitea aitzaki bat izan da mugikorretarako Autostich aplikazioa frogatzeko. Posizio beretik ateratako hainbat argazki lotuta, argazki panoramiko bakarra sortzen du. Oporretan ere frogatu dugu, eta aplikazio txukuna da. Pazientzia pixka batekin, panoramiko onak egiten ditu, eta irudien arteko junturak ez dira apenas nabaritzen.)

Comments are closed.

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!