Zumaiako ikasleek herriko hondakinen gaia zertan den azaldu diete udal agintariei 

Maiatzaren 23an, Zumaiako ikastetxe guztietako ikasle ordezkariak udal ordezkariekin elkartu ziren Eskolako Agenda 21aren udalbatzarra ospatzeko. Bertaraturiko ikasleei ongietorria eman ondoren, ikasturtean zehar ikasleek buruturiko azterketen emaitzaren berri izan zuten udal ordezkariek.

Hondakinen inguruan antzemandako egoera ezberdinak hobetzeko proposamenak luzatu zituzten ikasle ordezkariek, udal agintarien erantzunak jarraian eman zituztelarik. Zumaiako ikasleek badakite norberaren erantzukizuna oso garrantzitsua dela eta, horregatik, proposaturiko eskaera bakoitzarekin batera konpromiso bat hartu eta horien berri ere eman zuten. Finean, herriaren egoera hobetzeko eta aurrera egiteko bidea guztion eskuetan baitago.

Behin aurkezturiko proposamenen inguruko erantzunak eman ostean, ikasle, irakasle edota ikusle gisa bertaraturiko herritar guztiek, galderak luzatu eta ekarpenak egiteko aukera izan zuten. Azkenik, hamaiketako osasungarri batek eman zion amaiera udaletxean ospaturiko saio bereziari.

Comments are closed.

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!