Aretxabaletako ikasleek herria hobetzeko proposamenak aurkeztu dizkiete udal agintariei

Maiatzaren 16an Aretxabaletako Eskolako Agenda 21ean parte hartu duten 2 ikastetxeen ikasle ordezkariak udal agintariekin elkartu ziren udalbatzarra ospatzeko. Hala, Unai Elkoro alkateak bertaraturiko ikasleei ongietorria eman ondoren, ikasturtean zehar ikasleek buruturiko azterketen emaitzaren berri izan zuten udal ordezkariek.

2017-2018 ikasturtean “Ura eta Ibaia” aztertu dute ikasleek eta gai honen inguruan antzemandako egoera ezberdinak hobetzeko proposamenak luzatu zituzten ikasle ordezkariek. Aretxabaletako ikasleek badakite norberaren erantzukizuna oso garrantzitsua dela eta, horregatik, proposaturiko eskaera bakoitzarekin batera konpromiso bat hartu eta horien berri ere eman zuten. Finean, hobetzeko eta aurrera egiteko bidea guztion eskuetan baitago.
Egindako lana eskertu ondoren, proposamenak aztertu eta 2018-2019 ikasturtearen hasieran erantzuna emateko konpromisoa hartu zuten udal agintariek, horretarako beste bilera bat ospatuko delarik. Udalbatzarrean “Uraren Eguna”ren ospakizuna laburbiltzen duen bideoa erakusteko aukera izan zuten Kurtzebarri LHIko ikasleek eta ahoz buruturiko ekintzen berri eman zuten hango ordezkariek.

Azkenik, eguneroko bizitzan martxan jarri daitezkeen ohitura onak jasotzen dituen “Uraren Dekalogoa” banatu zieten bertaratutakoei.

Comments are closed.

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!