“Zestoa ikertzen” programa didaktikoa martxan 3.urtez

Zestoako historia aztergai, Zestoako eta Arroako eskolako ikasleek, Udala eta Ekainberriren lankidetzarekin garatu da.
Badira 3 urte herriko ikasleek Zestoari buruz zuten ezagutza sakontzeko ikastaroan parte hartzen dutela.
Zestoa kokatzen den inguruan betidanik jendea bizi izan da, aztarna arkeologikoek adierazten duten moduan duela gutxienez 300.000 mila urtetatik gaurdaino. Aztarna hauek aukera paregabea dira garai ezberdinetako zestoarren bizimodua ezagutzeko, material arkeologiko ugari utzi dizkigutelako, eta hauetako batzuk mundu osoan paregabeak direlako.
Askotan ordea, hurbilen daukaguna izaten da ezezagunena, aurrean izan eta egunero ikusten ditugunaren balioa ez dugu ezagutzen, ikusteaz ohituak gaudelako, edo nork daki zergatik… Zestoan ere halaxe gertatzen dela badakigu, eta baita gure txikienak direla gure etorkizuna, hau horrela izanik, Zestoako eta Arroako Herri Ikastetxeetako ikasleak herriko ondare historiko, kultural, artistikoaren ezagun izatea nahi du programa didaktiko honek. Bi ikasturtetan zehar burutuko den programa didaktikoa da “Zestoa ikertuz”, 11 urterekin hasi eta 12rekin amaituko dena. Helburua gaztetxoak Zestoako historiaren eta nortasunaren gordailu, erabiltzaile eta igorle bihurtzea da, ikasleek ondarea ezagutzea eta gozatzea eta ondare elementuak Zestoan barrena ezagunak izatea eta zabaltzea.

Urtean zehar, LH 5 eta LH 6ko ikasleak izan ziren parte hartzaileak, 11 eta 12 urte bitartekoak, Ekainberriko hezitzailearen laguntzaz, Gizateriaren Ondare den Ekaingo haitzuloko labar artea eta horren testuingurua aztertu zutenak, “Ekain eta Ekainberri: Historiaurrera bidaia” izeneko programaren bitartez. Maiatzean zehar ikasle hauek Ekainberrira hurbildu ziren labar margoak aztertu eta duela 13.000-14.000 urteko gizakien bizimodua ezagutzera. Guztira Lehen Hezkuntzako 3. zikloko 132 ikaslek hartu dute parte egitasmoan.
Arroako Herri Eskolako LH 1eko 8 ikaslek Ekainberri ezagutu zuten abenduan programa berdinaren baitan.
Gaztetxoagoek ere denboran jauzia egin dute, baina kasu honetan garai berrixeagoetara, Erdi Arora eta Aro Modernora, Zestoako hiribildua sortu zen garaitik XVIII. mendera arteko bidaia burutu dute, Lili Jauregia ardatz moduan hartuta. “Maizter edo nagusi?” programa garatu dute. Zestoako Herri Ikastetxeko LHko 2. zikloko 66 ikaslek hartu du parte, baita Arroako Herri Eskolako beste 14 ikaslek ere, 8 urtetik 10 urtera bitarteko ikasleak izan dira hartzaileak.
Ikasle bakoitzak lau urtetan zehar aztertuko ditu Zestoako Historiaren xehetasunak, beti ere modu arin eta dinamiko batean, jolasak eta jarduerak burutuz eta ondare elementuak lehen pertsonan ezagutuz.

Comments are closed.

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!